2014/02/18

Hizkuntza idatziaren didaktika

Idatzizko hizkuntzaren didaktikarako hautatutako metodologia norberak idaztea eta irakurtzea zer diren uste duenaren araberakoa izango da. Horregatik, irakurtzea eta idaztea zer diren aztertu behar da lehendabizi. Irakurtzea hizkuntza idatzi interpretatzea da, berau deskodetu eta, gehienbat, ulertzea. Idaztea, aldiz, helburu jakin batekin ideiak besteei komunikatzea da, zeinu idatziaren bitartez. Beraz, garai batean horrela uste bazen ere, irakurtzea eta idaztea ez da kodea ezagutzea soilik.
Irakurketari dagokionez, bi faktore nagusi daude ulermenean: ikus-informazioa (testurik datorrena, beharrezkoa dena, baina ez nahikoa), eta irakurleak jarritakoa, hau da, ikus-informazioa ez den guztia (testuaren hizkuntza ezagutzea, munduaren ezagutza). Bi faktore hauen arteko harremana alderantziz proportzionala da, hau da, zenbat eta gehiago jarri irakurleak testuarekin duen elkarrekintzan, orduan eta ikus-informazio gutxiago beharko du testua ulertzeko, eta alderantziz.
Irakurleak elkarrekintza horretan jarriko duen aldeak faktore pertzeptiboak eta kognitiboak ditu barne: ikus-pertzeptzioa, epe motz eta luzeko memoria, hizkuntzari buruzko ezagupenak (ezagutza linguistikoak, lotura grafo-fonikoak, ezagupen morfologiko, semantiko eta sintaktikoak, ezagupen testualak etab.).
Aipatutakoari jarraituta, irakurketa ulerkorra egitean hiru analisi-mota egiten dira: grafo-fonikoa (ikurrei soinua jartzea), sintaktikoa (gramatika eraikitzea) eta semantikoa (esanahia ematea). Bestetik, idazteko beharrezkoa da planifikatzea, idaztea, berrikustea eta zuzentzea.
Irakurketaren prozesuari dagokionez, testu bat irakurtzeko irakurleak jarraitzen duen prozesua azaltzeko hiru eredu teoriko desberdin daude, irakurtzen erabiliko diren metodologiei lotuak daudenak, aurrerago ikusiko den bezala:
  • Goranzko eredua: testuan soilik jartzen du arreta eta metodo sintetikoei lotua dago. Honen arabera, irakurketa hizkuntza idatziaren osagai txikienetatik abiatuz egiten da, hitz eta esaldien esanahia eraiki arte.
  • Beheranzko eredua: irakurleari erreparatzen dio bakarrik, eta konstruktibismoari lotuta dago. Honen arabera, esanahia idatzizko hizkuntzaren osagai handienetatik abiatuta eraikitzen da, hau da, testu osotik edo esaldietatik abiatuta, osagai zehatzak ondoren aztertuz.
  • Eredu elkarreragilea: irakurleak aurretik dakienaren erabilerari erreparatzen dio. Deskodetzeaz gain, irakurleak hainbat estrategia erabili behar ditu testua ulertzeko; irakurlea etengabe ari da testuaren gainean hipotesiak eraikitzen eta horiek egiaztatzen. Testuaren esanahia eraikitzeko ondoko estrategiak erabiltzen dira:
    • Iragartze estrategiak: hipotesiak eraikitzean datza. Irakasleak erraztu ditzake galderen bidez, bai testua irakurtzen hasi aurretik, baita irakurri bitartean ere.
    • Ondorioztatze estrategiak: inferentzia aplikatuta testua ulertzean datza, hau da, testuan ulertzen ez dena ulertu denaz baliatuta ulertzea.
    • Autokontrola: jarduera metakognitiboa da, aurreko bi estrategien bitartez eraikitako esanahia zuzena ote den kontrolatzeko erabilia. Irakurlea etengabe adi dago, ea ondo ulertu duen erabakitzeko. Ulermenean akatsen bat egon dela konturatzean, testua ulertzeko beharrezkoa ez den akatsa alde batera utziko da, testuan ulertu ez den zerbait aurrerago argituko  ote den ikusi arte irakurtzen jarraituko da, atzera jo eta atalen bat berrirakurriko da, edo kanpoko laguntzara joko da (heldua, hiztegia etab.).
Idazketa prozesua, aldiz, idatzizko testu esanguratsua sortzeko prozesua da, eta hiru oinarrizko prozesu ditu barne: planifikatzea, idaztea eta berrikustea. Gainera, kontrolerako mekanismo bat dago, prozesuetako bakoitza martxan noiz jarriko den erabakitzeko. Hiru prozesu horiez gain, epe luzeko memoriak  eta egoera komunikatiboak ere parte hartzen dute idazteko prozesuan.
Egoera komunikatiboan bi alderdi daude: arazo erretorikoa (idaztera bultzatzen gaituena) eta testua bera. Arazo erretorikoak hiru osagai ditu: gaia (zeri buruz komunikatu nahi den), entzuleak (nori komunikatu nahi den) eta helburuak (zer lortu nahi den). Hiru osagaiak ondo analizatu behar dira arazoaren irtenbide egokia aurkitzeko (testua). Arazo erretorikoa da elementurik garrantzitsuena. Haur Hezkuntzan prozesu hau guztia ahoz egingo da, eta irakaslea behin betiko testua arbelean idazten joan daiteke, osatu ahala.
Testua ekoizteko, arazo erretorikoaren hiru osagaien inguruko informazioa epe luzeko memoriatik aterako da. Haur Hezkuntzan memorian gordetako informazioa urria denez (bereziki testuen egiturei buruzkoa, harreman grafo-fonikoari buruzkoa, hitzen banaketari buruzkoa, puntuazioari buruzkoa etab.), irakaslearen parte-hartzea ezinbestekoa izango da.
Hizkiak idaztea lan konplexua da, bi zailtasun-mota dituena: motrizitatea eta hautemateari lotutakoa, eta kognitiboa. Horregatik, idazketa beti benetako testuekin landu behar da, konplexutasun hori arintzeko. Haur Hezkuntzan normalean izenarekin hasiko gara, norberarena lehendabizi, eta lagunena ondoren.
Testua ekoizteko hainbat prozesu abiatzen dira, ez direnak zertan linealki eman behar. Planifikazioaren bitartez buruan irudikatuko da zer kontatu nahi den, eta nola, baina definizio-maila gutxirekin. Ekoizpenean zehar, epe luzeko memoriara joko da eta bertatik ateratako informazioa antolaketa prozesuaren bitartez sailkatuko da. Helburuak zehazteko prozesuaren bidez testuaren osaketa zuzenduko da. Beraz, begi bistakoa da prozesu konplexua dela. Haur Hezkuntzan planifikazioa taldean egingo da, ahoz. Idazketa irakasleak egin dezake arbelean. Bestetik, testua berrikusi eta zuzenduko da taldean, idatzi ahala.
Hortaz, planifikazioa, idazketa eta berrikuspena ez dira modu linealean gertatzen. Hala ere, Haur hezkuntzako etapako haurrek ezin dituzte hiru prozesu hauek globalki ikusi eta kontrolatu, lanpetuegiak daudelako hitzak aukeratzen, nola idazten diren pentsatzen etab. Haurrari horretan laguntzeko, oso garrantzitsuak dira ondokoak:
  • Benetako idazketa erabiltzea: haurrak argi izan behar du nori eta zertarako idazten ari den.
  • Idazketan zehar helduaren laguntza: interesgarria izan daiteke alderdi instrumentalei erreparatzea soilik, formalak alde batera utzita (irakaslearen bitartez idaztea, hau da, haurrek planifikazioa eta berrikuspena egin eta irakasleak testua idaztea, idazkari lanak eginez); testua aurretik ezaguna bada, alderdi formalei soilik erreparatzea (adibidez, egunero eskolako menua idaztea, haurrek ekoizpenari arreta emanez soilik); eta modu kooperatiboan lan egitea (talde txikietan edo handian).
Testu funtzionalak erabili eta sortu nahi badira, jakin behar da haurrek zertarako erabiltzen duten hizkuntza. Horrela, hizkuntzaren funtzioetan sakontzen lagundu ahal izango zaie. Tough-en arabera, hauek dira hizkuntz funtzioak haurrarengan:
  • Autobaieztapena (“utzi bakean”, “nirea da”, “ez dut nahi” eta horrelakoak)
  • Orientabideak/norabideak (“orain gora joango naiz”, “pilota behera erori da” etab.)
  • Orain eta lehen bizitako esperientzien kontaketa (gertakizun errealen narrazioa)
  • Arrazonamendu logikorantz (kausalitatea azaltzea, zergatiei erantzutea)
  • Iragarri (etorkizuna asmatzeko)
  • Imajinatu (fantasiarako)
  • Proiektatu (besteek pentsatzen/sentitzen dutena adierazteko)
Lehenengo hiruak oso goiz ematen dira haurrengan, eta besteak pixkanaka garatzen doaz denborarekin. Guztien artean proiektatzea da beranduen agertzen den funtzioa. Haur Hezkuntzako etapan funtzio horiek guztiak lantzeko aukera eskaini behar zaizkio haurrari esanguratsuak eta erakargarriak irudituko zaizkion egoera komunikatibo errealen bitartez.
Irakurketaren eta idazketaren faseak edo aldiak sakonki aztertu dira haurrengan. Irakurketari dagokionez, autore gehienek hiru fase desberdintzen dituzte haurraren garapenean zehar: logografikoa, alfabetikoa eta ortografikoa.
  1. Fase logografikoa: haurrak idatzizko hitza globalki ulertzen du; idatzitakoa objektuaren sinboloa da beretzat. Idatzizko hitz batzuk ezagutzen ditu, baita logotipoak ere, haien esanahia aldez aurretik eman bazaio. Irakurtzeko jarduera imitatzen du.
  2. Fase alfabetikoa: kontzientzia fonologikoa sortzen da, hau da, haurrak badaki ahozko soinuen eta idatzitako hizkien artean badela harremana, eta ezin dela edozein hizki erabili soinu bakoitza irudikatzeko. Hasieran, haurra ez da konturatzen hizkien ordenaz, eta antzeko itxura duten hizkiak nahastuko ditu (d eta p, esaterako). Antolatutako hizkiei esanahia ematea da fase honetako zeregin nagusia, hau da, deskodetzen ikastea esanahiak eraikitzeko.
  3. Fase ortografikoa: haurra lehen faseko irakurketa globalera bueltatzen da, baina oraingoan morfemak berehala ezagutzen dituelako. Esanahia bilatzea da garrantzitsuena fase honetan. Kontuan izan behar da irakurle ikastuna den haurrak testu ia osoa deskodetu beharko duela, irakurle aditua den helduak ia osorik globalki irakurtzen duen bitartean.
Idazketa eta irakurketa batera ikasten dira, baina ez dago harreman unibokorik bien artean. Ferreirok eta Teberoskyk lau eta zazpi urte arteko haurrekin egindako ikerketen ondorioz, jarraian azalduko diren mailak identifikatu zituzten idazketaren garapenean:
  • 0 maila (1-2 urte): idazketaren irudikapenaren fasea da. Haurrak idatziko balu bezala egiten du. Beretzat, idatzizkoa marrazkia ez den guztia da, baina helduak ez du diferentziarik nabaritzen marrazkien eta idatzitakoaren artean. Idatzitakoa objektuaren izenarekin erlazionatzen du haurrak.
  • Lehen maila: idazketa bereziaren fasea da. Forma grafikoak hizki konbentzionalei gerturatzen hasten zaizkie. Haurrak marrazkia eta idatzitakoa desberdintzen ditu eta hainbat konbentzioa ezagunak ditu (lerro horizontal bat jarraituta idazten dela, ezkerretik eskuinera etab.). Idatzitakoa objektuaren izenarekin erlazionatzen jarraitzen du (ate baten gainean “irteera” jarri arren, “atea” jartzen duela esango du).
  • Bigarren maila: kodea hobeto ezagutzen doa, eta hiru hipotesi sortzen ditu horren inguruan, bere idazkera gidatuko dutenak:
a.       Kopuruaren hipotesia: idatzitakoak esanahia izateko, hizki kopuru minimoa izan behar du (hiru, normalean).
b.      Barne-aldakortasunaren hipotesia: hitzek hizki diferentez osatuta egon behar dutela uste du (“sss” ez da esanahia duen hitza, hortaz).
c.   Kanpo-aldakortasunaren hipotesia: hitz diferenteak idazteko hizkiak ordenaz aldatu behar dira, edo hizki diferenteak erabili. Hau da, bi hitz diferente ezin dira hizki berdinak segida berean jarrita idatzi.
Haurraren hizki-errepertorioa mugatua da hasieran. Normalean, haien izenak dituen hizkiekin hasiko dira hitz berriak sortzen, azaldutako hipotesiak aplikatuta. Pseudo-hizkiak erabiltzen dituzte batzuetan, baita zenbakien ikurrak ere. Hizkiek oraindik ez dute balio fonetikorik haurrarentzat, kodearen mekanika ikasten ari da. Idazteak izendatzeko balio duela uste du oraindik eta, ondorioz, “txoririk ez dago” idatz ez daitekeen ideia dela pentsatuko du, idazketak ezin baitu erreferentearen eza adierazi, bere ustetan.
  • Hirugarren maila: fase honetan lotura grafo-fonikoa egiten du haurrak, hau da, konturatzen da idatzitakoaren eta ahozkoaren artean lotura dagoela. Hipotesi ezberdinak eratzen ditu, bere idazkera gidatuko dutenak, aurreko fasekoei gehituko zaizkienak:
a.       Hipotesi edo fase silabikoa: silaba bakoitzeko hizki bat idatziko du haurrak. Hasieran, letra edozein izango da (hipotesi silabiko kuantitatiboa), eta gero silabako hizki bat erabiliko du (hipotesi silabiko kualitatiboa), normalean bokala. Hortaz, “Maria” eta “Marisa” berdin idatziko ditu (“aia”), eta galderaren bitartez lagundu ahal izango zaio aurrera egiten (“Marisa eta Maria izen diferenteak badira, nolatan idatziko dira berdin? Nola desberdindu ditzakegu, orduan?”).
b.      Hipotesi edo fase silabiko-alfabetikoa: silaba bakoitzeko hizki bat baino gehiago erabiliko ditu haurrak idaztean. Hitz batzuk erabat ondo idatziko ditu, eta beste batzuetan hizki batzuk “irentsiko” ditu.
c.   Hipotesi edo fase alfabetikoa: kodea ondo darabil, baina ortografia eta puntuazioa ez ditu menderatzen oraindik (euskarazko “h” noiz jarri ez du jakingo, edo gaztelaniazko “b” eta “v” noiz erabili behar diren).
Orain arte azaldutako guztia kontuan izanda, printzipio zeharo desberdinetatik abiatuko diren irakurtzen eta idazten ikasteko metodoak aurki daitezke. Ikusi dugun bezala, ikuspegi desberdinak daude irakurketa/idazketa prozesuaren gainean, baita irakurtzea eta idaztearen izaeraren gainean eta, ondorioz, ikuspuntu horietako bakoitzari egokitutako metodoak daude.
  • Metodo sintetikoak
Eskola tradizionalean aplikatutakoak dira (“eme gehi a, ma”). Ikaskuntza hizkuntzaren unitate txikienetatik hasten da. Hizki edo grafemekin hasten bada metodo alfabetikoa edo fonologikoa deitzen zaio, hau da, hizkien izenak ikasiz hasten da prozesua (m=”eme”). Unitate txikienak soinuak badira, metodo fonetikoa deitzen zaio (m=”mmm”), adibidez, Amara Berri sistemak erabiltzen duena. Unitate txikienak silabak direnean metodo silabikoa deitzen zaio. Errazetik zailera ikasteko bidean lehendabizi bokalak ikasten dira, bero kontsonanteak, gero silaba zuzenak (kontsonante+bokal), gero zeharkakoak (bokal+kontsonante) eta abar. Metodo sintetikoen artean egokiena silabikoa da. Metodo honen arabera, deskodetzen ikasi behar da irakurtzen hasi aurretik, horregatik berdin dio zein testu erabili hasieran deskodetzea praktikatzeko. Heldutasunaren faktoreei garrantzi handia ematen zaie (sintetizatzeko eta analizatzeko ahalmena, sinbolizatzeko ahalmena, ikus- eta entzun-memorizazioa, espazioa eta denbora antolatzeko gaitasuna, albokotasuna, ikus-hautematea, ahozko hizkuntzaren maila ona, motrizitate fina), eta horiek eskuratu aurretik irakurtzen eta idazten ikasten hastea alferrikakoa dela pentsatzen da. Trebetasun horiek Haur Hezkuntzako etapan fitxen bidez lantzen dira. Metodo hauen abantaila nabarmenena emaitzak azkar ematea da, baina maiz ez da irakurketa ulerkorrik lortzen, deskodetze soila lantzen delako.
  • Konstruktibismoa
Metodo analitikoen artean nagusia eta egun aplikatzen den ia bakarra da. Irakurketa funtzionala da bere abiapuntua, hau da, irakurtzen irakurriz ikasten dela defendatzen du, eta idazten, idatziz. Testu errealak eta ekintza funtzionalak erabiltzen dira eta egunerokotasuna aprobetxatzen da hizkuntza idatzia lantzeko, haurrak aurretik dakienetik abiatuta beti. Igarpen estrategiak asko lantzen dira eta akatsa hobetzeko bide bezala ikusten da. Gelako baliabideak hizkuntza idatzia funtzionalki erabiltzeko aukera aberatsak eskaintzeko antolatzen dira, eta haurren elkarrekintza sustatzen da binaka eta talde txikietan lan eginda, bai talde homogeneoetan, baita heterogeneoetan ere. Haur bakoitzaren erritmoa errespetatzen da prozesuan zehar. Metodo honen abantaila nagusia haurraren motibazio handia da, baina emaitzak metodo sintetikoan baino mantsoago lortzen dira, eta irakasleari dezente lan gehiago suposatuko dio, besteak beste, eskulibururik ez duelako.
  • Metodo mistoak
Aurreko bien ezaugarriak nahasten dituztenak dira, eta gaur egun gehien aplikatzen direnak.
Ikastetxe bakoitzak metodo jakin bat aplikatzen du normalean, eta garrantzitsua da hezkuntzako maila batetik bestera metodologiari dagokionean koherentzia mantentzea. Hau da, ez dago inolako arazorik metodo mistoak aplikatzeko, baina ez da batere egokia Haur Hezkuntzan metodo konstruktibista aplikatzea eta Lehen hezkuntzara igarotzean presa sartu delako metodo sintetikora aldatzea, adibidez.
Aipatu den moduan, badira hainbat heldutasunaren faktore idazten ikasteko prozesuarekin harremana dutenak.
  • Adimenaren heldutasuna: sinbolizatzeko gaitasuna, epe luze eta motzeko memoria, analisi- eta sintesi-gaitasunak, arreta selektiboa.
  • Hautematearen heldutasuna: formak, ezaugarri topologikoak (goia/behea, eskuin/ezkerra etab.) eta simetria ezagutu behar dira hizkiak erabiltzeko. Bestetik, begien finkatze bakoitzean gero eta hizki/hitz gehiago hartzeko trebetasuna behar da irakurritakoari esanahia eman ahal izateko, eta entzumenaren bidez soinuak ondo entzun eta diskriminatzeko gaitasuna izan behar da.
  • Heldutasun psikomotorra: muskuluen tonikotasuna, mugimenduen koordinazioa eta psikomotrizitate fina behar dira, baita albokotasuna finkatua edukitzea ere. espazio eta denboran ondo orientatzea beharrezkoa da hizkiak ondo kokatzeko. Bestetik, erritmo-gaitasuna ere behar da hitzak banatzeko, adibidez.
  • Ahozko hizkuntzaren heldutasuna: ahozko hizkuntza analizatzeko gaitasuna behar da. Bestetik, afasiek, dislaliek eta dislexiek eragin handia dute idazketan.
  • Heldutasun psikoafektiboa.
  • Inguruko faktoreak (familiakoak eta eskolakoak).
Heldutasun-faktore hauei lotuta, irakurketa eta idazketari dagozkien zailtasunak eman daitezke haurraren garapenean zehar:
  • Irakurketan: dislexiak dira arazo nagusia (irakurtzean hizkiak, silabak edo hitzak ezabatzea, aurkako simetria duten hizkiak nahastea, silabak alderantzikatzea, testuan ez dauden hitzak sartzea etab.).
  • Idazketan: dislexiaren ondoriozko disgrafia (letrak ezabatzea, hitzari ez dagozkion hizkiak gehitzea, silaba konposatuak alderantzikatzea, idazkera ulergaitza izatea etab.). Ikusmen-, entzumen-, espazio- edo denbora-agnosiak eta sinzinesiak eraginda gerta daitezke arazoak, baita albokotasunaren arazoengatik ere.
Bestetik, kaligrafiari dagokionean, Ajuriaguerrak hiru idazketaren fase desberdintzen ditu, Haur Hezkuntzako etapan eragin nabarmena ez dutenak, baina kontuan hartzekoak direnak:
  • Kaligrafia aurreko fasea (5-9 urte): haurra kaligrafiara iristen saiatzen da, baina hizkien tamainak kontrolatzea eta testuaren lerrokatzea zailak egiten zaizkio.
  • Fase kaligrafikoa (9-12 urte): haurrak trebetasun handiagoa du idazten.
  • Kaligrafia osteko fasea ( 12 urtetik aurrera): haurrak bere nortasuna islatzen du idazketaren bitartez, eta idazketa pertsonalizatu egiten du.
Azkenik, ebaluazioari buruzko hitz batzuk. Haur Hezkuntzako curriculumaren arabera, idazten eta irakurtzen ikastea ez daude etaparen helburuen artean. Hortaz, irakurketaren eta idazketaren faseen inguruko ebaluazioa egitea interesgarria izan daiteke, baina beti ere gogoan izanda ez dagoela maila jakin bat lortzeko presiorik. Idazketak eta irakurketak heldutasunaren hainbat faktorerekin harremana dutenez, faktore horien ebaluaziorako adierazle gisa erabil daitezke irakurketa eta idazketaren mailak, beste adierazle batzuekin batera. Ebaluaziorako checklist moduko fitxak egokiak dira, eta haur Hezkuntzako etapako bigarren zikloan dute zentzua, aurretik goizegi izango baita.
Lehen Hezkuntzako etapara igarotzeko momentuan erabilgarria izan daiteke haur bakoitzaren garapena ebaluatzea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina